Gure lurraldeak
8 herri eta beren AFEak biltzen ditu,
altuera ertaineko mendiguneen inguruan.

LABORANTZA-DINAMIKA

700m eta 1000m arteko mendigune horien artean aipa ditzakegu Baigura, Artzamendi, Iparla eta Larla, besteak beste.

Gure elkarteak esku hartzen duen herrien ezaugarrietako bat beren laborantza-dinamika nabarmena da, orotara 340 etxalderekin.

TURISMOA ETA AISIALDIAK

Baionako hirigunetik 40 minutu eskasera, gure lurraldea laborantzara eta artzaintzara itzulia da nagusiki. Baina, orain dela hogei bat urte garatuz joan diren aisialdi-jardueren garapenari (ibilaldiak, Mendi Bizikleta eta kanpoko beste zenbait kirol) eta turismoari aurre egin behar die.

Ipar Euskal Herri osoan ikus dezakegun bezala, laborantza-jardueren bilakaerak «bitarteko» deritzen eremuen eraldaketa sakonak eragiten ditu. Hazle kopurua tipitzen da eta kabalak gero eta gutxiago igaiten dira mendira.

Laborantzaren gainbehera horren ondorioz mendiguneetako zenbait leku laparrez eta sasiz betetzen hasten dira, eta leku horien mantenua gero eta zailagoa da.

Leku batzuk jadanik hetsiak dira, ezin dugu bertara joan. Hori kaltegarria da paisaien eta bioaniztasunaren pobretzea eragiten duelako, baina baita ere sute arriskua emendatuz bertako ekonomiaren eta turismoaren kaltetan izaten delako.

Kabalak mendira igaitea sasoiko aspaldiko ohitura da. Kabalak neguko behereko bazkalekuetatik udako mendiko bazkalekuetara eramatean datzan ohitura, hain zuzen.

Transhumantzia horrek eginkizun funtsezkoa betetzen du paisaien eta bioaniztasunaren kudeaketan. 

BAZKALEKUAK

Altuerako bazkalekuak, modu kolektiboan erabiliak dira, bereziki mendira igaiten diren kabalekin. Bazkalekuek belar aberats eta oparoa eskaintzen dute udan. Honela, kabalak behar bezala elikatzen dira etxalde inguruak pobretu gabe.

BITARTEKO EREMUAK

Landaz osatuak dira eta sarbide arazoak dituzte. Ondorioz, ustiatzeko zailagoak dira, bereziki malda azkarra dutelarik.

IBAR ZOLA

Ibar zolak errexago lantzen dira makinekin. Bertan ditugu hazkuntza eraikinak, larreak non laborariek belarrak egiten dituzten udan zehar.